Artzain omenduak

Francisco Lertxundi Sarasola eta Mari Paz Zabala Loiarte

Amezketan bizi diren arren Pako eta Mari Paz ez dira bertakoak. Aiatarra da Pako eta Aranotarra Mari Paz. Aioko San Pedro auzoko Hirutaerrota baserrikoa da Pako eta bera bizitza guztian artzaina izan da eta artzainak izan ziren bere jaiotetxean ere. Jaiotetxea ez zen ordea beraiena, errenteroak ziren baina gerora hura utzi eta terreno bat erosi zuten ardientzako borda bat egiteko. 1971an Iturriozen ibili zen ardiekin baina 1972 ondoren Aralarrera etorri zen.

14 herrik dute Aralarrera ardiak igotzek eskubidea eta Amezketa da horietako bat. Ardiak Aralarrera eraman nahi bazituen 14 herri horietako batean erroldatu beharra zuen eta horretarako etxea hartu behar zuen, alokairuan edo erosita. Amezketan etxea erostea erabaki zuen orduan eta handik 8-9 urtera ezkondu zen.

Mari Paz eta beraien hiru semeak Amezketan egin dute bizitza eta Pako Aia eta Aralar artean ibili da. Pardelutsen dauka txabola, beste bi artzainekin batera, Ganbo mendiaren azpian. Maiatza erdi aldera igotzen zen mendira eta 5 edo 5 hilabete eta erdi ematen zituen bertan, urriaren 20 aldera berriz bera jaisten zen arte.

Latxa mutur gorriak izan ditu beti, Aralarko ardiak, hanka motz-motzekin eta mardulak. Artaldea hartuta 35 urtez oinez egin du Aralar eta Aia arteko bidea, beti ere zakur oso onen laguntzekin. Izan zituen txakur batzuk, Amezketa eta Alegi arteko errepidean ardiei errepideko arrastotik pasatzen utzi gabe artalde xuxen- xuxen eramaten zutenak. 13-14 orduko bidea dago. Amezketatik Alegira errepidetik lehenengo, handik trenbide azpitik pasaz gora hartzen zuen Aldabaraino. Handik Santutxo-ra, Bidaniko errepidean, eta ondoren errepidea pasatuz Ernio mendira, Zelatunera. Handik Iturriotzera jaitsi eta ondoren Aiara. 35 urtez egin du bide hau urtean bitan, 2 urtez izan ezik. Bata gaixotu zelako eta bestea arkumeak aurreratu zitzaizkiolako eta Pardelutsen zela oraindik 30 arkume zituelako dagoeneko. Gaur egun ez du inork egiten dagoeneko bide hori. Bide luzea da 3-4 lagunen artean egitekoa artaldea ondo eraman nahi bada eta askotan egin du bidea semeek lagunduta. Lau artzain batera joanak dira, bakoitza bere artaldearekin eta aurrean eta atzean Ertzaintzaren kotxea zutelarik. Txakurrek eta ardiek, gazteek gehienbat, hanka azpitik asko sufritzen zuten asfalto gainean egindako bide luzearengatik.

Neguan eguberritarako kentzen zituen arkume gehienak eta urte berritik atzera oso gutxi gelditzen zitzaizkion. Arkumeak kendu ondoren esnea Donostiar bati saltzen zion 15 urtez, Goenaga esnekiak. 2001ean eman zion azkenekoz eta ordurako egiten zituen ardi esnearekin jogurtak. Salmenta zuzena ere egiten zuen. Amezketan ez zuen lekurik neguan gelditzeko, artzain asko zegoen eta baina Aiako borda izanik gustura joaten zen hara eta gainera esnearen salmentarako baldintza hobeak zituen han.

Bere hiru semeak kanpoan lanean dira eta ez dute etxeko erreleboa hartu baina orain del hiru urte artaldea saldu zuen Pakok, artzain eskolatik Batis Otaegiren bidez ezagutu zuen neska katalan bati. Hura dago orain Aiako bordan eta oso pozik omen dago. Bera ere pozik dago norbaitek bere lanaren erreleboa hartu duela ikusita.

 

 

 

Andres Etxeberria Iztueta

Berastegiko paraje ederretara gerturatu gara Andres Etxeberriarekin hizketalditxo bat egitera. Bertan jaiotakoa da, gaur egun bizi den Armuño baserritik gertu dagoen Ameri baserrian. Berastegiko baserri gehienak bezala, ez ziren artzaintzan bakarrik jarduten. Hasiera batean behiak eta oiloak bazituzten arren, gerora artalde bat ere ekarri zuten baina  berak 18 urte zituela artaldea saltzea erabaki zuten etxean. Berak ordea artzain izan nahi zuen eta 29 urte zituela artalde koskor bat erosi zuen eta hasiera batean jaiotetxean egon bazen ere, urte batzuetara gaur egun bizi den Armuñora etorri zen .

Artaldea beti Berastegin edukitzen zuen, bere lurretan eta hauek osatzeko errentan hartutako batzuetan, beraz bizitza beti etxe inguruan egiten zuen. Hasierako urtetan beste baserri bat zuen errentan baina gerora artegi berria eraiki zuten etxe ondoan. Etxe azpian prestatua zuten gazta egiteko lekua, kamara txiki batekin. Ardiak jetzi eta esnea garraiatzen ibili gabe, gaztandegi berria egin zuten artegian bertan eta asko erraztu zuen lana aldaketa honek.

Kataluniarra zen emaztea eta Berastegira etorri zenean artzaintzari buruz ezer ez jakin arren, ikasi zuen eta biek batera egiten zituzten egin beharrekoak. Artzaintzan bakarrik aritzea oso zaila dela dio Andresek eta soziorik hoberena emaztea izan duela. Lana era ordenatuan egiten zuten, planeatzen aritu gabe, bakoitzak bazekien zer egin behar zuen eta.

Esne guztia gazta egiteko erabiltzen zuten. Ez zen sekula planteatu, artzain izan eta gazta ez egitea. Lan handiagoa badu ere, ekonomikoki alde handia dago. Lana ez omen da neketsua, pazientzia behar da baina beti giro oneko lana izan da beretzako.

Hasieratik egon da ELE elkartean eta bere ustez elkartea sortzeak asko lagundu zuen artzainen arteko harremana errazten eta ezagutza transmititzen. Elkarteko bileretan parte hartzerakoan beste zona batzuetako artzainak ezagutzeko aukera zuten eta beraiekin hitz eginez erabiltzen  zituzten teknikak eta iritziak konpartitu.

Oso zalea ez izan arren aurkeztu izan da gazta lehiaketetara eta urte batean lehen hamarren artean gelditu zen Legazpin eta Euskadiko txapelketan parte hartu zuen. Beste urtea batean bere lagun Pedro Zuzuarregi artzainarekin elkartu omen zen eta gazta entregatu eta mokadutxo bat egitera joan omen ziren. Pedrok etxera joan behar zuela esan zion, sarietara itxaron gabe, ez zuen eta esperantzarik. Sariak ematen hasi eta hara, Pedro-ri deika ari omen ziren. Andres-ek bere laguna etxera joana zela jakinda, saria jaso zuen bere izenean eta cava botila bat erosita emaztea eta biak Pedro-ren etxera joan ziren saria eman eta berarekin ospatzera.

Latxa mutur beltzak izan ditu beti baina bakarra omen da inguruan, mutur gorria omen da eta zonalde honetan izaten dena. Berak ere hasieran mutur gorriak omen zituen baina la ilaratako itxitura jarrita ere beste aldera pasatzen omen ziren. Zegama ingurura joan zen batean, mutur beltz artalde bat ikusi omen zuen erdi erorita zegoen itxitura batean. Beste aldera ez zela bakarrak pasatzen ikusita berak horrelakoak nahi zituela erabaki zuen.

 

 
 
 

Artzai Gaztaren Lehiaketa

Artzain Txakur Txapelketa


Copyright © 2014 LEGAZPIKO UDALA - Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
Diseinua ACV MULTIMEDIA

UA-3468462-3