Urtez urteko lana

FELI ARRESE

Feli Arrese ardi arten jaio zen; izan ere, artzain-familia batean sortu zen Olazagutian (Nafarroa). Umea zela, neguan Gipuzkoa aldera etortzen zen ardientzat larre emankorrago eta giro gozoagoaren bila, beste artzainek egin ohi zuten bezala. Hernaniko Lastaola Beheko baserrira joaten zen Arrese, hain zuzen ere. Udan, berriz, Urbasa aldera abiatzen zen familia, mendi goietako bazkaren bila. Bost anai-arrebak koxkortu ahala, atzera-aurrera horiek egiteko zailtasunak hasi ziren familiarentzat, eta eragozpen horiek sahiesteko Gipuzkoara, Hernanira, joateari utzi zioten. Hala ere, Urbasara joaten segitu zuten, aitak ardiak kendu zituen arte. Felik oso oroitzapen samur eta gozoak ditu hango egonaldiez.

Etxean ikasi zuen, gurasoengandik, ardiak eta abereak maite izaten. Maitasun horrek bultzatuta, albaitari ikasketak egitea erabaki zuen eta, horretarako, Zaragozara joan zen. Ikasketak 1982an bukatu zituen eta Arabako Latxadunen artzain elkartean, AGORALAn, hasi zen lanean.

80. hamarkadaren hasieran, Eusko Jaurlaritza sortu eta nekazaritza-eskumenak eskualdatu zituzten. Ondorioz, ardi latxaren hobekuntza planak egiten hasi ziren eta, aldi berean, helburu horrekin sortu zen Gipuzkoan Latxa-ardiaren Gipuzkoako Elkartea,ELE,ere. Ondoren Bizkaiko Latxa eta Karrantza Arrazetako Ardi Hazleen Elkartea, ACOL, sortu zuten Bizkaian.

Elkarte hauen sorrerak eragin zuen esne kontrolak, datu bilketak eta osasun planak martxan jartzea. Lehen urteetan, batik bat, saneamendu planetan eta hobekuntza genetikoaren planetan egin zuten  lan. Lan hauetan elkarteetako artzainak, administrazioko ikertzaileak, politikariak eta beste hainbat teknikari aritu ziren elkarlanean. Hobekuntza plana garatzeko, intseminazio artifiziala egiteko tresna beharrezko bihurtu zen. Iparraldeko Manex ardietan intseminazio artifiziala erabiltzen zuten ordurako, eta haien laguntzaz egin ziren ikerketak ardi latxaren intseminazioan eta Felik ikerketa horietan parte hartu zuen.

Intseminazio artifiziala baliagarria zela frogatu ostean, 1988an Latxa eta Karrantzar ardien intseminazio zentrua, ARDIEKIN, sortu zen eta 1991an, Feli izendatu zuten zuzendari. ARDIEKIN elkartearen helburu dira, gaur egun ere, ardi latxadunen elkartekideentzat hazia prestatzea eta hobekuntza programa koordinatzea. 1992an, Latxa Arrazako Ardi Hazleen Nafarroako Elkartea, ASLANA, sortu zuten Nafarroan. Euskal Herriko lau elkarteek Latxa eta Karrantza arrazetako ardien artzainen konfederazioa, CONFELAC, sortu zuten eta idazkari izendatu zuten Feli.

                37 urtetan egindako ibilbide honetan, makina bat artegitan ibili da Feli hainbat lan egiten: saneamendu kanpainak egiten, hazia jartzen, hazia jasotzeko erabiliko diren arkumeak aukeratzen, artzainei emaitzak azaltzen, errapeak begiratu eta datuak biltzen, eta abar. Felik txoko asko ezagutzeko aukera izan du eta, noski, ardi latxaren hobekuntzan dihardugun artzain eta teknikariok ere ederki zaindu gaitu eta behar bezala zuzendu du gure jarduna. Gutariko askoren irakasle izan da Feli, eta bere goxotasuna lagun ikasi ditugu gure eginkizunetarako behar beharrezkoak ditugun hainbat eta hainbat kontu.

                Felik dioenez, bere ibilbide osoan, lan egiteko modua asko aldatu da, eta artzaintza bera ere bai, gizartea aldatu den bezalaxe. Bide horretan, une oparo asko izan ditu, baina, baita, momento eta pasadizo garratzak ere, noski.

Feliren lan ibilbidea ardi latxaren hobekuntza programari erabat lotuta dago. Gutxi izango dira bera bezain ongi eta gertutik ardi latxaren bilakaera ezagutu eta gordetzen dutenak. Izan ere, memoria bikaina du eta ederki gogogoratzen ditu beste askok ahaztutakoak.

Orain, beste ibilbide bat dauka hasteko. Baina ez ditu ardi latxak ahaztuko, orain arte izan ditu lagun eta aurrerantzean ere hala izango ditu, ezinbestean.

 FeliArreseArkauten                    FeliArreseComisionSeleccion

 

FeliArreseAsparrenapastoresFeliArreseTxabola

 

FeliArreseArkumea                  FeliArreseInseminazioa

 

Artzai Gaztaren Lehiaketa

Artzain Txakur Txapelketa


Copyright © 2014 LEGAZPIKO UDALA - Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
Diseinua ACV MULTIMEDIA

UA-3468462-3