Artzain omenduak

Ignacio Artano Sagastume

250-300 buru inguruko artaldea izatera iritsi ziren Ignacio Artano Sagastume eta Agustina Otegi Goikoetxea, Tolosan, Santa Lutzi auzoan kokatzen den Barrena baserrian.

Jaiotzez, Agustina da Barrena baserrikoa baina ezkondu baino hiru urte lehenago joan zen Ignacio,  24 urte zituela,  Amezketatik Tolosara bizitzera. Ordurako hasiak zituen artzaintza lanak  Amezketako Elorrei baserrian. Ondoren, lan hauekin Astigarragan alokatutako baserri batean jarraitu zuen Agustina emaztearekin bizitzera joan zen arte.

Ordutik aurrera, 4 seme alaba hazi zituzten artzaintza ogibide izanik baserrian.  Artaldea etxe inguruko larreetan egoten zen, San Isidro inguru arte.  Ordutik azaro erdira arte, Ignacio bere artaldearekin mendiko txabolara igotzen zen. Etizei izenez ezaguna da txabola eta Txindoki inguruan dago kokatua. Ignaciok 18 urte zituela berritu zuten txabola, aurretik beste bat zegoen lekuan. Bertako egurrak bere bizkar gainean eramandakoak direla kontatu digu, gertuko basotik ekarriak. Ardiak jezten zituen garaian bertan lotan geratzen zen eta gaztak bertan egin ere. Hogei urteetan zehar pasa zituen udarak Ganbo mendiaren azpi aldeko paraje honetan. Urteko beste hilabeteetan, baserrian lanean ematen zituen familiarekin batera, Donostian ere saltzen zuten esnea eta  mamiak.

Emazteak eta berak opor handirik ez dutela izan kontziente da Ignazio, baina behin ere ez direla deskontetu izan dio. Benidorm, Bartzelona zein Paris bezalako lekuak ezagutzeko aukera izan dute. Paris ezagutu zuten, hain zuzen, Euskal Herrira ardiak erostera etorritako Frantziako artzain bati esker. Artzain honi bisita egiteko aitzakia hartuta joan ziren Frantziako hiriburua ezagutzera.

Oraindik ez ditu artzaintza lanak alde batera utzi, baina orain dela hamar bat urtetik ez du jada artalde handirik, eta Etizei txabola ere utzia du beste artzain baten eskuetan. Gazta egiteari  ere, orain dela pare bat urte utzi zion. 88 urte izanda ere, ordea, 50 buru inguruko artaldea daukate etxe inguruko larreetan.  Ilusioa begietan nabari zaio oraindik ere Ignaciori artzaintzari buruz hitz egiterakoan.

 ignacio artano

20190705 143541Artano120190705 143942Artano420190705 144048Artano520190705 163959Artano3

Angel Errasti Oinederra

 

Orain dela 30 urte inguru hasi zen artalde handiak izaten Angel Errasti Oinederra, baina jaiotzetik bizi izan da Azpeitiko Olazabal zahar baserrian. Hasieran bederatzi anai arreba eta gurasoekin, ondoren bere familiarekin.

Angelek badu gogoan gaztea zela aitak 40 buru inguruko artaldea zuela etxean, baita esne behiak ere. Baina, bera soldaduzkatik itzultzean, ardiak kenduak zituen aitak eta esne behietara bakarrik dedikatzen ziren. Etxeko lana gutxitzen ari zela eta, inguruko pinudietan hasi zen lanean, etxera diru pixka bat ekartzeko asmotan.

Urte batzuk beranduago, etxeko  ukuilua handitu eta esne behi gehiago izatean, buru belarri jarri ziren bere anaia Inaxiorekin etxean lanean. Baina, baserri inguruko larreetan zegoen aldapa ikusita, belarra mozteko zein behiak bertan ibiltzeko arazoak zituztela eta ardiak jartzea pentsatu zuten.

Anaia  geratu zen behiekin eta Angel 100 buruko artalde batekin hasi zen. Urteak aurrera joan ala, artaldea handitzen joan zen, 300 buruetara iristeraino. Gazta egiten ere hasi zen, baina ez etxean eta ezta txabolan ere. Esnea Azpeitian kokatutako Ardi Gazta Kooperatibara eraman eta beste 8 bat artzainekin batera egiten zuen gazta bertan. Ondoren, askok ezaguna izango duten Izarraitz gazta izenarekin saltzen zuten. Legazpiko artzain egunean zein Ordizian ere sari batzuk lortzera iritsi ziren, Gipuzkoako Ardi gazta lehiaketa 1996 eta 2003. Urtetan irabazi zuten Legazpin.

Angelen esanetan, garrantzitsua da ardiek denboraldi bat 500mtik gorako larreetan pasatzea. Mendian argaldu egiten direla dio, baina eraberritu ere baietz, eta hori garrantzitsua dela. Horregatik maiatzaren bukaeratik urriaren erdialdera arte edo,   Zumarragako Izazpi mendira eramaten zituen. Horretarako, dagoen distantzia kontuan izanda, kamioi bat erabiltzen zuen. Baserritik Atzerrekaraino, Izazpiren magaleraino, kamioiez eramaten zituen eta ondoren gora,  oinez. Angel ez zen bertan geratzen, etxera itzultzen zen, eta bi edo hiru egunetik behin joaten zen bixitan.

Angelek bazuen esperantza bere semeak artzaintza ofizioari segida ematekoa, Arantzazuko artzain eskolan ikasi baitzuen. Etxetik kanpo aurkitu zuen, ordea,  lana, eta ez zuen jarraitu. Angelek, ondorioz, jubilatutakoan ardiak eta gaztagintza alde batera utzi zituen.

Ordu asko eskaini beharra dago artzaintzari, baina benetan gustuko izanez gero, momentu oso onak ere datoz bueltan.

Angel errasti1 Angel Errasti2

Artzai Gaztaren Lehiaketa

Artzain Txakur Txapelketa


Copyright © 2014 LEGAZPIKO UDALA - Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
Diseinua ACV MULTIMEDIA

UA-3468462-3