Artzain amerikanoak

 

ALMIRANTEARENA ANAIAK, JOSE, VICENTE eta FELIX

Maleta bat betetzeko lain oroitzapen eta bizipen dituzte Jose, Vicente eta Felix Almirantearenak Amerikan bizi izan ziren garaikoak. Hiru anaiak Orbaitzetan (Nafarroa) jaiotakoak dira, baina gazte garaia iristean eta 60ko hamarkada inguruko egoera sozioekonomikoa aurreikusita, Ameriketara joan ziren lan bila. Etxean aita, ama eta beste hiru anai arreba utzita.

Hiruetatik zaharrena joan zen lehendabizi Jose Almirantearena, 1954an,  Amerikako Estatu Batuetako mendebaldean kokatzen den Nevada estatura. Garai haietan artzaintza oso lan prekarioa zen; asteak egiten zituzten mendian beraien artaldea zaintzen, bakar bakarrik, gau ilunak kanpin-denda batean pasaz eta arrautza, hirugiharra eta ogi lehorrez elikatuz, herrira jaitsi bitartean behintzat.

1956an utzi zion artzain izateari eta kamioilari lanetan hasi zen Kalifornian. 2 urtez egon zen artzain moduan, izan ere 1957ra arte ez zen artzaintzako lan kontratuen legea indarrean sartu. Ordutik aurrera, emigrante moduan joandakoek 3.5 urteko kontratua izaten zuten.

Bigarren anaia, Vicentek, 1964an utzi zuen Orbaitzeta eta Kaliforniara joan zen anaiarengana. Honek bertara iristeko bidea askoz errazagoa izan zuen. Jose dagoeneko bertan ezkonduta zegoen, nazionalizatuta eta familia eraman zezakeen berekin.

Vicente artzain lanetan ibili zen Kalifornian bi urte inguruz. 800 buruko artaldeak izaten zituzten erditze garaian, ondoren, udan bi artalde elkartzen zituzten eta artzain bat soberan geratzen zen. Berak momentu hura aprobetxatu zuen maletak egin eta Coloradora joateko. Beste bi hilabete eta erdi egin zituen artzaintza lanetan han, baina esperientzia hau ez zen aurrekoa bezain ona izan, bere nagusiarekin ez zuen traturik, hiritik oso aldenduta zegoen bere artaldea eta zaldiarekin bakarrik mugitu ahal izaten zuen. Gainera, askotan, arazoak izaten ziren janaria ekartzen zion kamioiarekin, oso zaharkitua zegoen eta ez zen bera zegoen mendiraino iristen. Egun batean, Vicentek berak konpondu zuen kamioia, hurrengo egunean janaria iritsiko zitzaiolakoan. Nagusiak horren berri izan zuenean kamioia oparitu zion, baina ez gasolinarako behar adina diru. Ezinezkoa egin zitzaion kamioia bertatik mugitzea. 

Egoera ikusita, San Franciskora joan zen beste hainbat nafarrekin denboraldi bat pasatzera. Izan ere garai artan, gazte nafar asko ziren joanak Amerikara. Orbaitzeta bezalako 500 biztanleko herri txiki batetik, esaterako, hamar bat gazte joan ziren, tartean Jose, Vicente eta Felix.

Guztira bigarren anaiak, Vicentek bederatzi urte egin zituen Ameriketan, 1973an itzuli arte. Hirugarren eta azken anaia Felix, 1969an joan zen aurretik beste bi anaiek irekitako bidea aprobetxatuz, zuzenean nazionalitate amerikarrarekin. Honek ez zuen artzaintza lanetan ibili beharrik izan, aurreko bi anaiek zuten ezagun baten jatetxean hasi zen zerbitzari moduan lanean, ahal zuen moduan ingelesa ikasita. Jatetxeko nagusia Ipar Euskal Herrikoa zen eta horri esker familia giroan ibili zen bertan lanean. Egun libreetan, bidaiak egiteko autoa ere uzten zion bere nagusiak. Felixek guztira 7 urte egin zituen bertan.

Hirurek argi dute bertan bizi izan zituztela bizitzako momenturik okerrenak, bakardadeak eta goseak jota,  baina bestalde  bizitzako momentu oso  onak ere han izan zituztela, Amerikari esker egin zituzten bidelagunekin. Gainera, esperientzia gogor horiei alde positiboa atera beharra dagoela diote Vicente eta Felixek, bizitzako gainontzeko arazoei aurre egiteko indarra eta kemena ematen baitute.

AMERIKANOAK 1 AMERIKANOAK 2AMERIKANOAK 3

Artzai Gaztaren Lehiaketa

Artzain Txakur Txapelketa


Copyright © 2014 LEGAZPIKO UDALA - Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
Diseinua ACV MULTIMEDIA

UA-3468462-3