Urtez urteko lana

Euskal Artzainak Ameriketan Elkartea

 

 Lesaka, 2017ko irailaren 3a

Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen izenean gure esker ona adierazi nahi diet Legazpiko Udalari eta Gipuzkoako Artzain egunaren antolatzaileei, Ameriketara joandako artzainen urteroko hitzordua Legazpin ospatzeko egin genien proposamena onartzeagatik eta eskaini diguten tratu  ezin hobeagatik. Ziur naiz gure artzainak egun ahaztezina pasako dutela beraien ofizioa izan zen artzaintza goraipatzen duen eguna eta eskaintzen diren ikuskizunak disfrutatzen. Ofizio bera bazen ere, ezin ahaztu egoera eta baldintza desberdinetan eraman zutela aurrera: ezagutzen ez zuten lurralde batean, hizkuntza arrotza, bakardadean, 2.000 inguru ardiko artalde bat zaintzen, desertuan, koiote eta kaskabelez … baina beti beraien euskal nortasuna galdu gabe.

Neretzat berriz, aurtengo Artzain Eguna hagitz berezia izan behar da. Azkeneko urtetan gure elkarteko artzain “amerikano” batzuk omendu badira ere, gogora ekarri nahi dut 2001. urtean, nire aita, Angel Yanci Elizondo omendu zutela. Orain azalduko dudan bezala, hori izan zen gure elkartea sortu arazi zuen hazia.

Handik urte batzuetara, 2005an, Arantzazun, Artzain Munduak antolatutako Artzaintzari buruzko Munduko Kongresua ospatu zuen. Ekitaldi horretara nire aita gonbidatu zuten, Ameriketara joandako artzainak ere Kongresuaren barruan gonbidatu nahi zituztelako. Aita, ama eta hiruok animatu eta bertaratu ginen. Bertan konturatu nintzen Nafarroatik hagitz artzain gutxi zeudela eta zergatia galdetu nuen. Orduan erran zidaten Nafarroako artzainen daturik ez zeuzkatela eta haunditz ote ziren galdetu ere. Ote ziren ba! Lesakatik bertan, ia baserri bakoitzetik baten bat joana zen, eta zenbait kasutan anai guztiak ere bai. Nire aitaren kasuan, Alonsenea baserritik hiru anaiak joanak ziren. Momentu horretan konprometitu nintzen Lesakatik Ameriketara joandako artzainen zerrenda osatuko nuela. Dena den, nik ere galdera bat luzatu nien: eta nola bazenuten nire aitaren datua?? Legazpin ospatzen den Gipuzkoako Artzain Egunean omendu zutela eta, bere izena eta helbidea zeukatelako.

Horrela nire aitaren laguntzarekin, zerrenda osatzen hasi nintzen. Berekin eta eman zizkidan datuekin artzain desberdinekin bildu nintzen, eta beraiek gogoratzen zituzten izenak apuntatzen hasi nintzen. Baina nola ez, izenak aipatzeaz gain, beraien artean Ameriketan bizitutako hainbat pasarteak komentatzen zituzten, eta orduan konturatu nintzen oroitzapenen ganbaran altxor bat zeukatela. Gure herriko historiaren, memoriaren, aktoreak eta lekukoak zirela ohartuz, bizipen horiek nolabait bildu eta gizarteratu behar zirela konturatu nintzen, eta erronka bat bezala hartu eta martxan jarri behar nuela erran nion nire buruari.

Urte haietan Lesakako zinegotzi nintzenez, Lesakako feriaren bezperan, Ameriketara joandako artzainen buruzko ekitaldi bat prestatu nuen. Bertan, Lesakako hogei bat artzain bildu nituen, eta beraien bizipenak azaldu zizkiguten hitzaldi batean. Ondoren, taloak, sagardoa eta  bertso eta trikitilarien laguntzaz ederki ospatu genuen beraien alde antolatutako eguna. Lesakako artzainez aparte, Etxalarko Santiago Mitxeltorena, Igantziko Vidal Etxarte eta Sunbillako artzain batzuk ere gurekin izan ziren. Ekitaldi xume hori nire bihotzean gorde dut, nire aitak ezagutu zuen bakarra izan bai zen.

Horren ondoren, 2006an lehenik Bortziri mailan antolatu behar nuen topaketa, azkenean Nafarroa eta Iparraldeko artzainen topaketa bihurtu zen herri desberdinetako artzainen deiak jasotzen nituelako, gure festara etorri nahi zutela adieraziz. Bitartean, Bortziritako artzainen liburua martxan jarri nuen, eta hainbat argazki eta testigantzak bildu nituen (nire aita amarenak tartean). Nire aitarekin joaten nintzen herri desberdinetako bileratara, eta beraien kontakizunekin, han jarritako bertsoak entzutean…. gozatu nuen. Dena ia prest genuen urriaren 22an ospatu behar genuen festarako, irailean nire aita hil zenean… Ez zuen berekin prestatu nuen egun berezi hura ikusteko aukerarik izan… Bainan bere hileta elizkizunean, elizako bidean hainbat eta hainbat artzain pasatzen zirela ikustean, konturatu nintzen bertze famili bat osatua nuela. Denak nire aita errespetatu eta maitatzen zuten, eta horren lekuko izatea harro sentiarazten zidan.

Egia errateko ez dakit urriaren 22an aurrera egiteko indarrak nondik atera nituen (agian nire aitak zegoen totikit eman zizkidan)… Hagitz gogorra izan zen. Eguna bukatu zenean, indarrik gabe nengoen… bainan artzain guztien aurpegiak, irribarreak etortzen zitzaizkidan gogora: “eskerrik asko, nire bizitzako egun politena izan da”, “nork erran behar zidan niri artzain egoteagatik holako eguna bat antolatu behar zidatela”, “egun hau berriz antolatuko duzu, ez? “eskerrik asko nire aita hain zoriontsu egiteagatik”…. Hitz guzti haiek hutsa neukan arima betetzen zuten. Hala era nire amak festa berriro antolatu behar ote nuen galdetu zidanean, ezetz erran nion, niretzat hagitz gogorra izan zela, eta guztia aitarekin hasi eta bera ez zegoenez min handia egiten zidala erran nionean, bere erantzuna: “Bai Laura, egin behar duzu, alde batetik zoriontsu egin dituzuen artzain guzti hauengatik, eta bestetik zure aitaren memorian”.

Horrela, poliki poliki, eta zenbait lagunen laguntzarekin (orain Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen junta osatzen dutenak), gure artzainen memoria biltzen eta gizarteratzen hasi nintzen. Poliki poliki, Bortziriak, Baztan, Aezkoa, Erro, Malerreka…ko artzainen testigantzak eta argazkiak jasotzen ibili gara eta gure ondorengoei, beraien gurasoak, aitatxik, herri honen historiaren zati bat idatzi dutela erakutsi nahi diegu; beraien baloreak, beraien euskal nortasuna, beraien hizkuntza eta kultura behar bezala defendatu zituztela hain urruti eta ezezaguna zuten lurralde batean, eta beraien lanarekin eta izaerakin, lurralde honek izaten ahal zituen enbaxadorerik hoberenak izan zirela. Beraiei esker ezagunak gara euskaldunak jende langile, ona eta hitza betetzen duen herri bezala.

Horregatik plazer bat izan behar da aurten gure eguna Legazpin antolatzea. Gure elkartearen sorreraren hazia izan zelako, eta artzaintza eta artzainendako egun polit hau antolatzeagatik gure esker beroena helarazi nahi diegu antolatzaileei. Eta nola ez, egiten diren omenaldien tartean, Ameriketara joandako artzainei leku bat egiteagatik. 2001ean nire aitari, urte hauetan zehar gure elkarteko hainbat artzainei, aurten gure eskutik datozen Bankako Oçafrain anaiei, eta nola ez gure Elkarteari.

Nire aldetik, ESKERRIKASKO ETA OHORE ZURI EUSKAL ARTZAINA.

 

Laura Igantzi

EAAko Lehendakaria

    

                              Elkartea Bardeetako topagunean                                                                                                          Angel Yanci

Artzai Gaztaren Lehiaketa

Artzain Txakur Txapelketa


Copyright © 2014 LEGAZPIKO UDALA - Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
Diseinua ACV MULTIMEDIA

UA-3468462-3