Artzain amerikanoak

Oçafrain anaiak: Henri,Domingo eta Jean Louis

Urtero Ameriketara joandako artzainak omentzen ditugun arren, aurtengoan berezia da, elkarte guztia egongo baita gurekin omenaldi hau egiten dugunean, 2017ko topagunea gurean egingo dute eta. Distantziarengatik urruti gelditzen zaizkigunak gertuago ikusi ditugu aurten eta Iparraldera gerturatu gara aurtengo omenduen bila. Laura Igantziri esker, Oçafrain familiarekin hitz egitera joan gara Donibane Garazira. Izatez Bankakoak diren arren, gaur egun Donibanen bizi diren Henri eta Maddi-ren etxean izan gara. Jean-Louis, Domingo eta Henri-rekin elkartu gara gaurkoan , baina 12 seme alabez osatutako familia da Oçafraindarrena, 8 mutil eta 4 neskaz osatua eta mutiletatik 7 joan ziren Ameriketara. Aita ere, Domingo, joana zen gazte denboran eta zazpi urte pasa zituen artzain Nevadan eta Fresnon. Beraz bere historian Amerika oso presente duen familia dugu Oçafraindarrena.

Artzain maisua zen amaren lehengusu baten bidez, Etcheverria, lortu zituzten joateko paperak eta artzain lana Los Baños-en (Kalifornia) egin zuten. Bidaia egiteko paperak egiteaz gain, dirua ere aurreztu zien. Behin han zirela lehenengo urtean debalde egiten zuren lana dirua itzultzeko. Honez gaiz bere seme gaztenaren traje bat ere bidali zien, berri-berria. Traje hau jantzita joan zen lehenean, Gratien (mutiletan hirugarrena). Baina traje horrek makina bat buelta eman zituen Amerika eta Euskal Herriaren artean, Ameriketara iristen zen aldiko, garbitu eta berriz bueltatzen baitzen Euskal Herrira (berria bailitzan) joango zen hurrengoak erabiltzeko. 7 anaiak egin zuten bidaia traje hura soienean zutela, traje urdina, benetan dotorea, gorbata eta guzti. Denak ordea ez ziren tamaina berdinekoak eta aldiko galtzak hartu edo luzatzen ibiltzen ziren.

Lehen esan dugun bezala Gratien joan zen lehenean, 1953ko azaroan 18 urte zituela. Garai hartan Jean Pierre (zaharrena) soldaduskan zegoen eta hurrengo urtean joan zen,1954ko martxoan. Hurrengoa Duanes izan zen (bigarrena), 1954eko urrian. Jean-Louis (laugarrena) urte bete beranduago joan zen eta Domingo (bosgarrena), 1958ko apirilean. Henri joaterako, 1961eko martxoan, anai zaharrena etxean zen berriro, ezin ziren denak batera Ameriketan egon etxean ere behar zituzten eta artzain lanetarako. Jean-Leon aldiz (7. mutila) ez zen artzain joan. Bera joaterako Gratienek amerikar paperak zituen eta berak eraman zuen , berekin lan egitera San Frantziskora. Beraz hau Bankatik zuzenean joan zen hara eta bertan egon zen 53 urtez. Gaur ez dago gurekin han gelditu diren seme alabak bisitatzera joana delako. Beraz semeak lanerako adina eduki ahala Ameriketara joanda, aitak etxerako laguntza hartu behar izan zuen eta hegoaldeko mutilak kontratatu zituen, Zigatarrak. Etxerako laguntzarik geldituko bazen ere, dirua egin nahi bazuten nahiago zutela Ameriketara joatea kontrabandoan aritzea baino. Arrazoi handiagoz, Jean Pierre eta Jean Louis-ek Luzaide inguruan kontrabandoan ari zirela karabineroekin izan zuten sustoaren ondoren, eman ez zieten arren tirokatu egin zituzten eta.

Beraien bidaia Donibanen hasten zen, astelehenero Denis Bazuz (Bordeleko euskaldun bat), bertara etortzen baitzen Ameriketara joateko paperak prestatzeko. Hau egina Bordelera joan behar izaten zuten, kontsuletxera eta handik Parisera hegazkina hartzera. 27 bat ordu pasatzen zuten San Frantziskora heltzerako. Behin aireportuan txapela eraman behar izaten zuten buruan nagusiak beste bidaiarien artean ezagutzeko. Iritsi bezain pronto lanerako arropa erostera eramaten zituzten eta segituan hasten ziren lanean. Domingok kontatzen du berak ez zuela ezer jan bidali guztian hegazkin amerikarretako janaria ez baitzitzaion gustatzen eta iritsitakoan hartu zuen kafe huts batekin hasi behar izan zuen lanean, 32 ordu bidaiatzen egon ondoren, ardiak mozten. Henri ordea iritsiera erosoagoa izan zuen, ordurako Gratien San Frantziskon lanean zegoen eta. Iritsi ondoren pare bat egun eman zituen berarekin eta gero joan zen rantxora.

Jean-Pierre eta Duanes izan ziren urte gutxien pasa zituztenak, nahiz eta 6 eta 7 urte pasa zituzten artzain. Gratienek 22, Jean Louis-ek 23 eta Domingo-k 20 urte pasa zituen. Henrik 2004 urtean bueltatu zen, 43 urte han pasa ondoren. Lehen esan bezala, denbora gehien han pasa duena Jean-Leon izan da, 53 urtez egon da eta. Domingok 6 urte pasa ondoren etxera bueltatu behar izan zuen soldaduska egitera, bestela iheslaritzat joko lukete eta ezingo luke 53 urte pasa arte etxera itzuli. Behin soldaduska eginda, ezkondu eta berriz bueltatu ziren Ameriketara 3 hilabeteko haurrarekin. Denak ezkondu ziren emakume euskaldunekin eta Ameriketara itzuli ziren familia handitzera. Behin haurrak eskolara hasterakoan izaten zen bertan jarraitu eta etxera bueltatzeko erabakia hartzeko momentua.

Etcheverriatarrak bi elkarte osatzen zurten, batean bi anai zeuden eta bestean bat. Oçafrandiarrak beti ari ziren hauentzako lanean. Ongi tratatu zituztela kontatzen dute baina hala ere gogorra zela hango bizitza. Ez zuten artaldearekin denbora asko pasatzen mendian, gehienez bi edo hiru hilabete, mendi txikietan. Gainontzeko denbora rantxoan pasatzen zuten. Bataz beste 5-6 urte ibili ziren artzain lanetan, zaharrenak gazteak baino gehiago egon baziren ere. Henri eta Domingok urte beteko aldea zuten eta beti egon ziren elkarrekin. Domingok artzaintza utzi eta behiak jaistera joan zenen berekin joateko esan zion, diru gehiago irabaziko zuela eta hobe egongo zela.

Ardiekin lanean aritzen zirenean txakurren laguntza izaten zuten han ere eta Henri asko oroitzen da berekin egoten zen txakurraz, Pantxo. Goizean lana egin ondoren hamaiketakoa egin eta zahatotik edan ondoren baxera garbitzen aritzen zenean, ardoarekin animatuta kantuan hasten zen eta txakurrak berriz ulu-ka jarraitzen zion, bera ere melodiari jarraituz.  Baina gogoratzen dituzten ere kaskabelekin izandako pasarte batzuk. Henrik aipatzen du kaskabelak non nahi ikusten zituztela, belar handietan ezkutatuta egoten zirela. Hadi egon behar ziren, beraien luzetasunaren bikoitza jauzi egiten bai zuten. Behin bere hanka tartean pasa zitzaion bat. Eskerrik bera hanka mugitzerakoan kaskabela jo zuela… gaua hartan kaskabelarekin amets egin zuen. Beste egun batean berriz, arratsaldean bere lagun handi bat, Erramun Etxebeste “Sunbilla” bere 12 urteko haurrarekin bisitan etorri behar zela eta, goizean hildako kaskabel bat makil punta batean sartu eta 2 kilometro egin zituen bere lagunei erakusteko asmoz. Lagunak etorri eta makila utzitako lekura joan zenean ordea, kaskabela falta zen.

Urte batzuk behiak jaisten eman ondoren lorezaintza lanetan pasa zituzten ondorengo urteak. Domingo hasi zen lehena eta urte batzuk zeramatzala Henri hasi zen berarekin geroago bere kontura jarri baino lehenago. Chino-n zebilen garai hartan behi lanetan baina emaztea ez zegoen oso gustora ez baitzuen bertan inor ezagutzen eta San Frantziskon aldiz familia zegoen.

Han pasatako urteetan ez zuten Euskal Piknik-etara kalerik egiten. Chinoraino (hemendik Pariserainoko haina bide dagoela diote) ere joaten ziren espresuki piknikera joateko. Elkarren artean oso gertu bizi ziren San Frantziskon eta nabari da han osatu zuten famili giroa, emazteak ere euskaldunak izanda, hizkuntza adibidez hainbeste urtetan kanpoan pasata nola mantendu eta transmititu dieten han jaio eta hazi dituzten seme alabei ere.

Gaur egun, dagoeneko denak berriz etxean direla, hara joan izanaz edo ondoren bueltatu izanaz damutzen diren ala ez galdetuta, ezetz esaten dute. Bere garaian familia hemen utzi zuten, ez ziren garai onak naiz errazak baina gerora aurrera atera zirela ere ikusi zuten. Eta orain handik itzuli direnean, batik bat urte gehienak eman dituztenak, jendea utzi dute ere bertan, nahiz lagunak nahiz seme-alabak Jean Leon-en kasuan bezala. Baina gaur egun garai haietan baina errazagoa da bidaiatzea eta urtero joaten dira bisitan.

              

                                        

                                      Domingo eta Gason Oçafrain                                                   Taldeko argazkia; Duanes, Jean Pierre eta Jean Louis Oçafrain eta Erramun Etxebeste


                                                            

                                                                                             Jean Pierre Oçafrain eta Erramun Etxebeste

  

Artzai Gaztaren Lehiaketa

Artzain Txakur Txapelketa


Copyright © 2014 LEGAZPIKO UDALA - Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
Diseinua ACV MULTIMEDIA

UA-3468462-3